2012-06-08

Izaten dugu merezi duguna



‘Amerikar hauek erotuta daude!’ esango luke Obelixek ezagutuko balu AEB-an zabaltzen den asmakizuna. Publizitatea gorputzean tatuatzen ez dute ba! 


Hedabideetan irakurri dudanaren arabera, joera hori azala salgai jartzea omen da eta gainera salmentek nabarmen egin dute gora denbora gutxian. Negozio biribila! Beste kasu batean, tipo batek ‘QR’ kodigo bat tatuatu du besoan eta enkantean jarri du. Erokeria ala ergelkeria iruditu arren, ziur denbora gutxitan gurera ere etorriko dela. 


Publizitateak gure arreta pizteko bide erakargarriak erabiltzen ditu, esate baterako: esaldi interesgarriak, irudi zoragarriak, euskarri bitxiak, bilgarri deigarriak, eta abar. Izan ere, edozein euskarritan publizitatea ikusteko ohituta gaude. Guztia, ‘berria’ bada, ontzat hartzen dugu. Are gehiago… originaltasun hori txalotzen dugu. Eta gehiago nahi dugu.


Lehen heldu zen publizitate zuzena: produktu baten abantailak azpimarratzen zituzten iragarkiek. Errealitatea rosaz pintatu zutenak. Astiro, ia konturatu gabe, publizitateak pausu bat eman zuen. Gu geu bihurtu ginen iragarki. Hori ikusteko, orain dela hogei urte sortu zuen modari begirada bat bota baino gehiago ez duzu egin behar. Garai hartan markaz jositako jantziek liluratzen gintuzten.  Prakak, kamisetak, poltsak edo zapatilak logoz beteta erosten eta ordaintzen genituen.



Horretaz gain, gaur egun publizitate enpresei lana ia-ia eginda ematen diegu poz-pozik. Gure gustuak, gure nahiak ‘saltzen’ diegu telebistan edo interneten agertzeko edo, agian, deskonturen baten truke. Musu-truk esaten diegu ‘zer’, ‘nolakoa’, ‘noiz’ eta ‘non’ erosiko genukeen.
Hori guztia kontuan hartuta, AEB-ko asmakizun horrek ez gaitu harritu behar izaten. Ez dugu konponbiderik. Kontsumismoaren seme-alabak garenez normaltzat hartzen dugu gure ‘azala’, gure identitatea iragarki-iragarkiz eraikitzea. Izaten dugu merezi duguna.




Imagen del blog http://blog.publips.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Zure iritzia!!